%0 Audio %I Alia Vox %D 2019 %C Bellaterra %T Juan Sebastian Elkano : the first voyage round the world = Le premier voyage autour du monde = El primer viaje alrededor del mundo / [Donostiako Orfeoi Gaztea eta Txikia, Euskal Barrokensemble (Enrike Solinís)] %X Euskal Barrokensemblek CD-liburu bikoitza aurkeztu du Elkano eta euskal nabigazioa ardatz hartuta. Ikerketa lan nekeza egin dute Getariako itsasgizonaren garaiko kultura eta euskal nabigazioaren historian sakonduz. Lehen zirkumnabigazioarekin eta XVI. mendeko nabigazioarekin lotura duten herrialdeetako artistek parte hartu dute lan honetan, baita Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsek ere. "Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo" da Enrike Solinis guitarra-jotzaileak zuzentzen duen Euskal Barrokensemble aintzako musika-taldeak sortu duen lan berriaren izenburua. CD-liburu bikoitza da eta Jordi Savall-en Alia Vox zigiluak argitaratu du nazioartean; Jordi Savall viola da gamba jotzaile ospetsua da, orkestra zuzendaria eta ikonoa musikaren munduan. Diskoak musika-ibilbidea egiten du Elkanoren bizitzan, garaian eta zirkumnabigazioan, aitzakia ezin hobea euskal kultura aztertu eta gure ondare artistikoa berreskuratzeko; eta era berean, baliogarria da euskaldunek munduko hainbat kulturekin izan zuten harremana eta horrek gure musiketan utzi duen arrastoa agerian uzteko. Bi urteko ikerketa lanaren ondoren lana salgai dago eta salmenta-leku nagusietan eskura daiteke, bai saltoki fisikoetan, bai online eta baita nazioarteko plataforma digitaletan ere. Lana gaur goizean aurkeztu da Donostiako Euskal Itsas Museoan, eta prentsaurrekoan izan dira Enrike Solinís, Miren Zeberio biolin-jotzailea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Elkano 500 Fundazioko Patronatuko kide Bingen Zupiria eta Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafael Zulaika. Ekoizpenean 50 artista baino gehiagok parte hartu dute, horien artean Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsak. Horiez gain, munduaren inguruko lehen birarekin eta XVI. mendeko nabigazioarekin lotura duten herrialdeetako artistek egin dute beren ekarpena, besteak beste Darlene Gijuminag (MicMac, Kanada), Halldor Mar Stefanson (Islandia) edo Deta Astari (Indonesia) kantariek; Xabier Amuriza bertsolariak eta Xabier Leturia panderojoleak ere parte hartu dute grabaketan, ahanzturan zeuden musikak euskal kantutegirako berreskuratuz. 50 konposiziotan Solinís eta Euskal Barrokensemblek euskal nabigazioaren urrezko aroko kantu eta dantzen errepertorioa interpretatzen dute. Taldeak zenbait pieza berregin ditu garaiko melodia eta testuak erabiliz. Errepertorio horren bidez, Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo lanak hainbat herritako musika eta testu landuak nahiz ahozko tradiziokoak jaso ditu, hala nola Euskal Herria, Gaztela, Andaluzia, Italia, Amerika, Moluka uharteak, Terranova eta Islandiakoak. CD bikoitzarekin batera doa libreto bat, hainbat hizkuntzetan idatzia -euskara, gaztelania, katalana, frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera-; libretoan jasota daude abestietako letrak, Sevillako Unibertsitateko katedraduna den Pablo E. Perez-Mallaina eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria den Xabier Alberdi historialarien testuak testuinguru historikoari buruz, eta baita Antonio Pigaffeta kronikagile veneziarraren -bidaiaren kronika idatzi zuena- eta Juan Sebastian Elkano beraren jatorrizko testuak ere.